Print this page
Astelehena, 23 Apirila 2018 09:17

Elkarbizitza; errespetua

Errespetu hitza hezkuntzaren esparruan askotan erabiltzen da. Txiki-txikitatik esan izan zaigu errespetatu behar direla gauzak, ordutegiak, arauak, ingurunea, norberaren burua, eta batez ere, gainerakoak. Baina jakintzat jotzen dugu mundu guztiak ulertzen duela zer den errespetatzea.

Tristea da neska-mutikoak ikustea treneko edo autobuseko eserlekuak okupatzeagatik borrokan, adinekoengatik edo beharrean direnengatik begirunerik erakutsi gabe, ikustea nola botatzen dituzten paperak eta objektuak lurrera garbitasun publikoa batere zaindu gabe, edo ohartu gabe beste batzuei horrek diezaiekeen kalteaz.

Pertsonaren duintasuna abiapuntua

Errespetua jarrera bat da, gainerakoen balioa eta duintasuna aitortzen eta estimatzen duena, gainerakoak balio horren arabera tratatuz. Honen abiapuntua pertsonaren duintasuna da, hemendik hasiz, ingurunera eta gainerakoen jabegora ere zabaltzen da. Hasteko, bestea pertsona gisa ikustea da, berez ere baliotsua den norbait, oinarrizko eskubide berak dituena. Gure buruari ere errespetua zor diogu, pertsona garen aldetik, eta gure burua gure duintasunaren arabera tratatu behar dugu.

Gizarte abegikorrago, baketsuago eta zuzenago bateranzko bidearen hasiera da gainerakoengan pertsona gisa duten duintasuna aitortzea, eta espaziorik ez uztea irainerako edo gutxiespenerako edo diskriminaziozko adierazpenetarako. Finean, errespetua da bizikidetzaren “urrezko araua”: gainerakoak zuk tratatua izan nahi duzun moduan tratatzea da, gainerakoendako zuretzako nahi duzun ongia nahi izatea. Izan ere, bestea ni bezalakoa da, pertsona bat, eta pertsona bat inoiz ere ez da tratatua izan behar beste gauza edo pertsona batera iristeko bitarteko gisa. Erabiltzea, manipulatzea edo baliatzea, objektu bat bailitzan, menostea da. Gainera, pertsonekiko maitasunak beti suposatzen du errespetua. Ezin dugu inor benetan maitatu ez badugu errespetatzen.

Zenbaitetan, errespetua nahasi egiten da errespetuarekin zerikusi handirik ez duten beste jarrera batzuekin. Errespetua ez da:

vSumisioa. Aitzitik, heldutasuna da, gainerakoak eta gure inguruneko gauzak baloratzeko. Batzuetan obedientziatik sortuko da, baina norberaren irizpide bihurtu beharko da, argitasuna, sosegua, adeitasuna, erantzukizuna, egonkortasuna eta irmotasuna aintzat harturik.

vAxolagabetasuna; axolagabetasunak sentimendu gabezia erakusten du, ez balioestea bestea berdina bailitzan, maiz bestea balioetsi ere ez da egiten.

vOmisioa; errespetua aktiboa da, abegikortasunetik, onarpenetik eta elkarrizketatik eraikitzeko asmoa du, ez da soilik “kalterik ez egitea, “ez mintzea” edo “ez egitea”.

vLotsa edo beldurra; errespetuaren estalpean beldurra izaten delako, eta lotsatiek ez dutelako bakerik ezta bizikidetza onik ere eraikitzen.

 

Era berean, ez da tolerantzia hutsa: ez da gauza bera norbaiti "errespetatzen zaitut" esatea. Errespetua norbaiten balio positiboa aitortzea da. Horrek ez du esan nahi arrazoia eman behar zaionik ez duenean. Oker dagoena zuzendu daiteke eta zuzendu egin behar da, ahalik eta finezia handienarekin. Edozein gizarte eta taldek behar du arau multzo bat. Baina bizikidetza baketsua ez da lortzen soilik arauak edo legeak beteta. Errespetuak barrutik atera behar du; berekoikeriaren kontrakoa da, eta benetakoa eta emankorra izateko, baldintza batzuk bete behar ditu:

vZintzoa eta berezkoa izan behar da, errespetuan ez baitago hipokrisiarako tokirik; ezarritako errespetua ez da finkatzen, eztanda eginen du goiz ala berandu.

vNaturala izan behar da, ideia argien eta ongi erroturiko azturen ondorio, hausnarketa teoriko handiegirik eta barne tentsiorik gabe.

vElkarrizketa bilatu behar du eta adeikortasuna sustatu, itxikeriak, amorerik ez emateak eta bidegabekeriak gatazkara eta indarkeriara baino ez baitute eramaten. Komeni da garaiz atzematea eta zuzentzea errespetuan heztea zailtzen duten jarreretako batzuk, kasu, harrokeria, nagusikeria, bekaizkeria, beldurra, intolerantzia, permisibismoa edo autoritarismoa.

Agresibitatea landu

Agresibitatea, mundua ezagutzeko, besteengana zuzentzeko eta norbere burua sendotzeko ezinbesteko bizi-indarra da. Hala ulertuta, umeen arteko agresibitatea komunikazio mota bat da, elkarri bizipenak eta nahiak adierazteko modu bat. Haurraren garapen arruntean, helduaren laguntzaz, umea agresibitatea adierazteko forma gizalegezkoagoak garatuz joango da; alegia, heziketaren bidez, komunikatzeko modu horiek gizalegezkoago bihurtuz joan ohi dira, haurra, bere nahiak eta apetak elkarri hain gordinki inposatu beharrean, modu sinbolikoago batean azaltzen hasten den heinean. 

Ohiko agresibitatea edo “normala” deritzona litzateke hori, alegia, haurraren garapen arruntaren parte dena. Agresibitateak, ordea, beste aldaera bat ere izan lezake: gehiegizko agresibitate edota biolentzia gisa ezagutzen dena, hain zuzen; biolentzia eta agresibitatea ez baitira gauza bera. Barne angustiaz eta sufrimenduz betetako portaera. Leherketa bortitz itsu baten antzekoa sarritan, kontrolik gabekoa, bidean edozer edo edonor harrapa lezakeena, ezer bereizi gabe. Edo izan liteke baita ere, leherketa baino gehiago, agresiorako joera ia permanente bat, inguruko edonor akitzeko modukoa”. 

Agresibitatea, beraz, gizakiak berezkoa duen indarra da, bizitzan aurrera egiten laguntzen diona eta hori adeikorra izan dadin sustatu behar da.

Eskolan eta etxean

Errespetua batez ere etxean ikasten da. Etxeko heziketak balio ordezkaezina du, errespetua bihur dadin seme-alaben bizitzaren arau, lehenengo urteetatik. Etxe batzuetan gurasoek badakite funtsezko balio hau nola sustatu. Batzuetan aitak esku hartzen du zeinahi abusu edo hitz zatar zuzentzeko. Beste batzuetan ama da norabide argi bat eskaintzen duena eta errespetarazten duena... arrunt garrantzitsua da biak batera joatea, elkar laguntzea hezkuntza zereginean, seme-alabak laguntzeko autokontrolatzen, diziplinatuak izaten eta errespetua izaten. Eta lehen baldintza da balio horretan eredu izan daitezela: beste pertsonekiko errespetuzkoak izan daitezela, beren artean eta baita seme-alabekin ere.

Familiatik abiatuta eta eskolaren laguntzarekin, nahitaezkoa da haur eta nerabeak heztea errespetua izan dezaten, beren buruaren jabe eta zentzudunak izan daitezen, gizartean bizitzeko prest egon daitezen. Denak hartuko dituztelako errespetuz, gai izanen direlako harmonian bizitzeko beren parekoak direnekin eta ez direnekin, handiekin eta txikiekin, osasuntsuekin eta eriekin, berdin pentsatzen dutenekin eta bestelako iritziak dituztenekin.